Dunixe Alberro iturendarra Nafarroako kirol jokoetan txapeldun

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 26a, 17:00
Irantzu Vidan eta Dunixe Alberro txapeldun eta Uxue Gomez eta Ainara Hita txapeldunorde larunbatean Labriten.

Eskuz banakako pilota txapelketa irabazi du infantil mailan eta alebin mailan txapeldun orde izan da Ainara Hita igantziarra

Joan zen urtarrilaren 12an hasi zen Nafarroako Kirol Jokoen barrenean nesken eskuz banakako pilota txapelketaren ligaxka. Bertan, eskualdeko hainbat pilotarik parte hartu zuten: Alebin mailan, Ados Pilota Elkarteko Alaitz Aioroa eta Malen Bereau iturendarrak, Arkupeko Nahia Almandoz igantziarra eta Ados Pilotako Saralegi leitzarrak, Txarutako Arraztoak eta Ados Pilotako Lazkozek. Era berean, infantil mailako kategorian, Nafarroa osoko elkarteetako bederatzi neskek hartu zuten parte, haien artean, Ados Pilota Elkarteko Garazi Iñigo eta Dunixe Alberro iturendarrak zeudela. Arkupe elkarteko Joana Iratzoki Arbues igantziarra eta Ados Pilotako Baleztena.

Finalerdiak

Ligaxka fase honetatik, alebin mailako finalerdietarako sailkatu zen Alaitz Aioroa iturendarrak Lizarrako Irantzu Vidanen aurka jokatu zuen, 13-18 galduz, partida lehiatua jokatu ondotik. Martxoaren 15ean Lesakan jokatutako bertze finalerdian, Arkupeko Ainara Hitak 18-17 irabazi zion Ultzamako Beginori.

Infantil mailan, aldiz, Sunbillan finalerako txartela lortu zuen Dunixe Alberro iturendarrak, Leitzako Aurrerako Garazi Imazen aurka 18-13 irabaziz. Bertze finalerdian Gomezek 18-6 irabazi zion Adoseko Baleztenari.

Finalak martxoaren 23an Iruñeko Labriten

Finalak, martxoaren 23an, larunbat goizean jokatu zituzten Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehenbiziko, alebin kategoriako finala jokatu zuten Lizarrako San Miguel Pilota Taldeko Irantzu Vidan eta Bortzirietako Ainara Hita Aranguren igantziarraren artean. Emaitza 18-13koa izan zen. Beraz, Lizarrakoa txapeldun eta Igantzikoa txapeldun orde.

Ainara Hita Aranguren igantziarra txapeldunorde izan zen alebin mailan (bera oraindik benjamina izan arren). Vidan txapeldunarekin ageri da.

Infantil mailan, berriz, Ados Pilota Elkarteko Dunixe Alberro Isasi iturendarra, Zizurreko Ardoi Pilota Elkarteko Uxue Gomezen aurka lehiatu zen. Partidu borrokatua eta era berean, ikusgarria eskaini zuten bi pilotariek, eta garaipena iturendarrak lortu zuen (18-16). Ondorioz, Dunixe Alberro Isasi txapelduna suertatu da Nafarroako XXXVII. emakumezkoen infantil mailako eskuz banakako pilota txapelketan.

Dunixe Alberro Isasi txapeldun, Ados pilota elkarteko bertze pilotariekin larunbatean Labriten.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun