Gandeia taldeak kontzertua eskainiko du maiatzaren 12an Donamarian

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 10a, 16:00

Gandeia taldeak emanaldia eskainiko du igande arratsaldean Donamariako Jauregian.

Igandean 19:00etan musika eta dantza uztartzen dituen emanaldi berezia izanen dute Jauregian

Gandeia taldeak kontzertu berezia eskainiko du maiatzaren 12an, igandean 19:00etan hasita leku paregabean; Donamariako Jauregian. Donamariako Udalak antolatuta, biolinak, txistuak, pianoak eta bi dantzarik osaturiko talde bitxiak, batez ere euskal dantza eta kantetan oinarritutako piezak eskainiko ditu, beti ere, berezko duten moldaketa berritzaile eta jostakinekin. Gainera, azken aldian Gandeiako kideek berek sortutako obra berriak entzuteko aukera izanen da.

Gandeiako kideak berriki Kalifornian izan dira musika bidaian, hango Euskal Etxeetan hainbat kontzertu eskainiz arrakasta handiz. Hau izanen da bueltan eskainiko duten lehen kontzertua eta gogotsu daude beraien publikoaren aitzinean agertzeko.

Biolina jotzen Inés de Madrazo ariko da; pianoa jotzen Amaia Cordoba; Ion Irazoki txistua jotzen eta dantzariak, Nahikari Rojo eta Oihana Santxotena izanen dira.

Emanaldia adin eta gisa guztietako musika eta dantza zaleentzat aproposa da berauen musika eta dantza erraz iristen baitira edozeinen begi eta belarrietara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun