Esaldi horixe bururatu zitzaidan, hileta elizkizun jendetsu batean nintzela, elizako atean, hanka bat kanpoan nuela. Egia, ez nintzen apezak ziona­ri so, ez bainuen aditzen ere, eliz atariko marmarra aunitz indartsuago baitzen. Horrexegatik ari nitzen burutazio horietan, alegia, han zegoen jendeak hil be­rria ezaguna zuelako joan zen bertara, baina ez zuen nonbait deus haundirik espero elizkizunetik. Eta ez zuen garai batean ‘hala egin behar zelako’, zigor meha­txupean bazen ere, egiten zen bezala, errespetua eta isiltasuna gordetzeko beharrik meza ari zen bitartean.

Hor nonbait gogoan nuen Nietschek erran omen zuela ‘hil da Jainkoa’ hori, begiratu dut Wikipedian eta bertze batzuk ere aipatu omen zuten lehenago ere. Dena dela, haiek kristau Jainkoaren aitzakian osatutako moralaz ari omen ziren, harek ustez ezarritako moral hori non geldituko ote den Jainkoa bera desagertuarazten badugu.
Ongi ba, hil dugu Jainkoa, alegia, ikusi eta ikasi dugu ez digula berak konponduko nahitaez hil beha­rra, eta gainera bere izenean mendetan lotu eta izorratu gaituzte... Goian bego.
Behar bada, honezkero, gainditua dugu heriotza ezezagun horri genion beldurra, milaka urtetan itxuraz izan duguna. Gaur egun inguratu gaituen arrazionaltasun zientifikoak aspaldian espero genuen lasaitasuna eman bide digu: heriotzaren ondotik ez da deus, ez izan deusen itxaropenik, momentua gozatu, bizitu, oraintxe zoriontsu izan. Eta ki­tto. Ez bilatu deus haratago.
Baliteke, baina ni behinik behin konturatua naiz ez dela­ gau­­­za makala momentua bizitzearen hori: gauzak diren bezala onartu, onak edo txarrak, biziak dakarkiguna onartu, arnasaldi bakoitza urre koxkor bat balitz bezala baliotu, gure barrengo isiltasun hortara begi­ratu, tenplu horretako argi ttiki horren aitzinean otoitz egin...
Finean, ez ote gara oraindik ere beldur samar, biziak zentzurik ez duela ikusteko? Zentzua nonbaitera ailegatu edo joateko helbidea baldin bada. Akaso modernitateak Jainkoa hil dela baieztatu digu baina ordainean ez digu deus haundirik eman? Egunero burrunba haundia dugu inguruan: hau edo hura egin beharra, lana, umeak hazi, dirua irabazi, zorrak saihestu, otorduak egin, telebistan albisteak ikusi, mugikor bidez atergabe konektatuak egon denekin... Zarata egin nahi dugu, ez dezagun gure barrengo isiltasun eta miseria beldurgarri hori entzun eta ikusi, hileta jendetsuetan eliz atarian bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun