Baztango Udalak 13.220.030 euroko aurrekontu orokorra onartu du

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 27a, 14:00

Atzoko osoko bilkuran Baztango Udalak 2024ko aitzinkontua onartu zuen, EH Bildu eta Zurekin Baztanen aldeko zortzi botorekin eta Baztango Independenteen, UPNren eta Geroa Bairen kontrako lau botorekin

Aurrekontu orokorrak Baztango Udalaren, Baztan Ikastola eta Zahar etxea erakunde autonomoen eta Lixuraren aurrekontuak biltzen ditu. Horrela, Baztango Udalarena 12.326.067 eurokoa da, Baztan Ikastolarena 887.800 eurokoa, zahar etxearena 6.163 eurokoa eta Lixurarena 747.119,66 eurokoa. Horiek kontsolidatuta, hau da, erakunde bateko sartzeak bertzeko ateratzeak izaten ahal dira, udaletxearen aurrekontu orokorra finkatzen da, 13.220.030 eurokoa.

Horrez gain, Giltxaurdi enpresa publikoaren aurrekontua 517.558,28 eurokoa da, baina merkatuko enpresa denez, ez da kontsolidatutako aurrekontu orokorraren barnean sartzen. Aurten Zaintza Lanak Baztan enpresa publikoaren aurrekontua ere gehitu behar da, 3.553.872 eurokoa da, aurrekontu orokorrean kontsolidatzen ez dena.

Aurrekontuetako sailei dagokienez, Ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuen saila da handiena, 3.855.563 eurorekin. Aurtengo aurrekontuetan nabarmentzeko atala, bertzalde, inbertsioena da; aurreikusitako kopurua 3.301.305 eurokoa da, aspaldiko urteetan izandako kopururik altuena.

Aurten aurreikusitako inbertsio batzuk hauek izanen dira: Almandozko saneamendua, 990.000 euro; adimen desgaitasuna duten herritarrendako eskualdeko eguneko zentroa egiteko Zunda etxearen obrak, 596.100 euro; Erratzuko parkinga, 213.000 euro; Lezetako bidearen eta Zigako gaineko bideen hormigoiztatzea, 181.300 euro; mendi lanetarako 120.000 euro; nekazal azpiegituretako lanetarako 78.600 euro; Dia gibeleko plazaren moldaketa, 75.000 euro; Elizondoko Foruen plazako eraikinaren egokitzapena, 70.000 euro; Xorroxingo ibilbidearen egokitzapena, 52.200 euro; kirol instalakuntzetan egin beharreko obretarako 50.000 euro; Udaleko igogailua aldatzeko, 40.000 euro; herri guztietarako desfibriladoreak erosteko, 22.500 euro.

Horri iazko aurrekontuetatik heldu diren hainbat partida gehitu behar zaizkie, tartean zahar etxea berritzeko lanen lehen fasearena. Lanak berriki hasi dira eta 2025eko urriaren 31 baino lehen akituko dira. Lehen fasearen exekuzioak 5.787.295 euroko inbertsioa izanen du. Bertze bat Iruritako Zaldubia industrialdean exekutatzen ari den Garbigunea da, 767.900 euroko inbertsioa izanen duena.

Udalaren zorpetze maila % 40,5ekoa da, legeak finkatzen duen %110eko mugatik urrun. Aipagarria da azken urteetan nabarmen egin duela beheiti udalaren zorrak. Duela 13 urte Baztango Udalaren zorra 13 milioi eurotik goitikoa zen eta 2024ko urtarrilaren 1ean 3.853.331,97 eurokoa da, zahar etxeko lanak egiteko hartutako 2 milioi euroko mailegua barne.

Aurrekontuari hasierako onespena emanda aldizkari ofizialean argitaratu eta hamabortz egunez jendearen aitzinean egonen da, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Ondotik behin betiko onartuko da.

Atzoko osoko bilkuran ere 2024ko udaleko plantilla organikoa onartu zen, EH Bildu eta Zurekin Baztanen aldeko zortzi botorekin, UPN eta Geroa Bairen kontrako bi botorekin eta Baztango Independenteak taldearen bi abstentziorekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun